Erronka

Sentsoreak, urrutiko monitorizazio-sistemak eta Big Datako analisi-tresnak baliozkotu eta horien erabilgarritasuna frogatzea izango da DOCC-OFF proiektuaren erronka nagusia, izan ere, horiexen laguntzaz eskuratuko da aerosorgailuko palen angelua egokitu eta kontrolatzeko kulunkatze-sistemari buruzko informazioa.

  • Itsas parke eolikoetan sortutako energia eolikoaren prezioa izugarri jaitsi da, eta joera hori enkante-sistema berrien ondorioa izan da neurri handi batean, inbertsioari zein ustiapenari dagozkien kostuak murriztera behartu dituzte parke eolikoen garatzaileak eta inbertsiogileak.
  • Bezeroek (parke eolikoen garatzaileek eta aerosorgailuetarako jatorrizko ekipamenduen fabrikatzaileek) presio handia egiten diete parke eolikoetarako osagaien hornitzaileei kostuak murritz ditzaten.
  • Egun, aerosorgailuetarako osagaien Europako hornitzaileek merkatuan ondo kokatuta dagoen sektorea osatzen dute. Dena den, konpainia horiek aurre egin behar diete produktuak kostu baxuagoan eskaintzen dituzten lehiakideei. Ondorioz, Europako enpresak balio erantsi handiagoko estrategia berritzaileak esploratzen ari dira, merkatu-nitxo honetan nabarmentzeko eta lehiakorragoak izateko.
  • Itsas energia eolikoaren balio-kateko europar enpresen iritziz, aerosorgailuetako osagai eta sistemen digitalizazioa da lehiakortasuna hobetzen lagundu ahal dieten elementu nagusia, diseinua optimizatzen, eragiketa eta mantentze-lanen kostuak murrizten eta zerbitzu berriak eskaintzen lagun dezakeen heinean
  • Digitalizazioan, komunikazioetan eta datuen analisian funtzionaltasuna hobetzeko zein kostuak murrizteko egin diren aurrerapenei esker, merkataritza-balioa eragiten duten eragiketen datuak biltzeko soluzioak sortu ahal izan dira.
sorburua: HINE

Emaitzek eragin nabarmena izango dute DOCC-OFFeko bazkideen zein itsas energia eolikoaren balio-katean dauden beste enpresa batzuen lehiakortasuna hobetzeko, sektore hau energia lortzeko beste aukera batzuen ordezko alternatiba lehiakorra bihurtuz eta ustiapen nahiz inbertsio arloetako gastuak murriztuz.

Aerosorgailuetarako osagaien fabrikatzaileak sentsoreak eta datuak biltzeko sistemak txertatzen hasiak dira haiek hornitu eta instalatutako produktuetan. Hala ere, gaurdaino ez da lortu frogatutako eraginkortasun-kontzepturik egiaztatzea sektorean dagoen eten teknologikoaren ondorioz: teknologia baliozkotzeko lan handia egin behar da oraindik, merkaturatzeko prest dauden produktu eta zerbitzuak eskaini aurretik. Itsas parke eolikoetan urruneko sentsore eta monitorizazio-sistemen instalazioa areagotu behar da, izan ere, egun erabilgarri daudenek probetxuzko informazio mugatua ematen dute edozein gertakari prebenitu ahal izateko.

Offshore aerosorgailu batean monitorizatu beharreko osagaiei dagokienez, erronkak askotarikoak dira eta honako hauekin lotuta daude nagusiki: azpiegitura elektrikoaren diseinua, egiturazko diseinua eta ingurumen zein urtaroen araberako baldintza gogorrei aurre egiteko materialen aukeraketa, kokapen eta konfigurazio egokiari buruzko ebaluazioa, menpeko egiturak, instalazio-metodoak, logistika, zerbitzu teknikorako sarbidea, eragiketak eta mantentze-lanak, eta abar.

sorburua: HINE

Alderdi horiek guztiak garrantzitsuak dira parke eolikoaren eragiketan diharduten osagaien fidagarritasunari eta jarduerarik gabeko aldiei dagokienez. DOCC-OFF proiektuan, kulunkatze-sistema (eta honen osagaiak) aerosorgailuko elementurik kritikoenetakotzat identifikatu da, matxuren portzentajearen ikuspegik nahiz matxura horien ondorioz errendimendu-tasetan gerta daitekeen murrizketaren ikuspuntutik.

KULUNKATZE-SISTEMEN DIGITALIZAZIOAN DAGOEN ETEN TEKNOLOGIKOA GAINDITU ETA BENETAKO DATUEN ESKURAGARRITASUNA HOBETZEA DA DOCC-OFF PROIEKTUAREN ARDATZ NAGUSIA, BALIOZKOTZE ETA SAIAKUNTZA-PROZESU FIDAGARRIA LORTZEKO.